Blogia
.

Sei hilabeteko espetxe zigorra jarri dio epaile batek euskaraz deklaratzea eskatu zuen testigu bati

Euskal Herrian Euskarazek gogor salatu du euskaraz deklaratzeko eskubidearen aldarrikapenari Bilboko auzitegiak espetxe zigorrarekin erantzun izana. Euskaldunok gure herrian bigarren mailako herritarrak izango bagina bezala tratatzen gaituzte adierazi du.

EHE-ren oharra:

Orain dela bi hilabete inguru salatu genuen herritar baten aurkako espetxe zigorra eskatu zuela Ministerio Fiskalak, zergatik eta hizkuntza eskubideak aldarrikatzeagatik. Istripu batean testigu izanagatik epaiketa batean deklaratzera deitu zuten aipatu laguna. Honek, bere hizkuntza eskubideak berma zitezen eskatu zuen, deklarazioa euskaraz izan zedin eskatuz. Ez zen horrela izan eta erdaraz deklaratzeari uko egiteagatik agintaritzari desobeditzea leporatuta akusatu gisa amaitu zuen epaiketa batean. Zortzi hilabeteko espetxe- aldi zigorra, eta kondenak irauten duen bitartean hautetsia izateko desgaikuntza berezia eskatu zituen orduan fiskalak, hala nola prozesuko kostuak ordaintzea ere. Orain dela gutxi eman du bere erabakia ezagutzera Bilboko Zigor arloko auzitegiko epaile batek. Sei hilabeteko espetxe- aldi zigorra, kondenak irauten duen bitartean hautetsia izateko desgaikuntza berezia eta prozesuak eragindako kostuak ordaindu beharko ditu.

Kasua ezagutzera eman zenean EHEk azaldu zuen moduan, kasu hau bereziki larria da; izan ere, herritar bat testigu izatetik akusatu izatera igaro zen soilik euskaraz deklaratzeko eskubidea duela aldarrikatzeagatik. Eta gainera, eskubideen aldarrikapenei kartzela zigorrarekin erantzun dio auzitegiak. Ez dira hala ere, auzitegi hori eta epaia eman duen epailea erantzule bakarrak. Eusko Jaurlaritza eta kasu honetan justizia sailburua ere erantzule zuzenak dira. Zer egin behar dute honen aurrean euskara maitatu egin behar dela lau haizetara zabaltzen duten horiek? Euskaldun izateagatik eta euskaldun gisa agertu nahi izateagatik zigortu dute Asier Basabe. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, argitaratu berri duen urteko txostenean ere kasu honen larritasuna aipatu du. Baita justizia administrazio ezberdinak eta hauekin bat egiten herri-zaingo sailak lurralde osoan euskaldunekiko hartzen ari diren jarrera gero eta gogorragoa.

Orain bi hilabete kasu honen berri eman genuenean, gisa honetako zigorra jartzea zerbait berria zela aipatu genuen eta sententzia honek aurrekari papera joka zezakeela ere salatu genuen. Orain dela egun batzuk ezagutu dugu beste hamar lagunen aurka egingo den epaiketan ere espetxe zigorra eskatzen dela epaiketa batean hizkuntza eskubideak berma zitezen aldarrikatzeagatik. Zigorren mailan eman duten jauzi honek bide arriskutsu eta kezkagarria zabaldu du. Izan ere, orain arte hizkuntza eskubideak aldarrikatzea falta gisa hartu izan dute epaitegietan eta jada zigor penal bilakatu dute. Zein izango da hurrengo urratsa?

EHEren ustez, gisa honetako gertakariak posible egiten duten egoera orokorrean dago gakoa. Izan ere, euskaldunok gure herrian eta bereziki justizia administrazioetan (nahiz eta ez bakarrik horietan) bigarren mailako herritarrak izango bagina bezala tratatzen gaituzte, hizkuntza arrotzetan aritzera behartzen gaituzte sistematikoki. Aipatu dugun moduan, hau guztia ahalbidetzen duen egoera orokorrean dago gakoa. Euskaldunoi hizkuntza eskubideak salbuespenik gabe Euskal Herri osoan sistematikoki urratzen zaizkigu. Egungo marko politikoak eta horien baitako lege eta hizkuntza politikak izan dira eta dira eskubideak urratzeko tresna eraginkorrenak. Hauen bitartez gure herrian euskaraz libre bizitzeko eskubidea ukatu ez ezik, hizkuntza eskubideen defentsa bera egiteagatik ere irainduak, atxilotuak eta zigortuak gara euskaldun asko. Errealitate honetatik hizkuntza eskubideak bermatu eta euskararen berreskurapen osoa erdiestea ezinezkoa da.

Argi dago administrazioei eta arduradun politikoei dagokiela egoera hauei irtenbidea ematea. Baina ez bakarrik zentzugabekeri hauekin amaitzea, baizik eta horrelako erasorik gehiago gerta ez dadin behar den erantzukizunez jokatuz neurri eraginkorrak hartzea. Egoera hau iraultzeko, nork bere habiari so egin beharrean, herri ikuspegiz indarrak bildu eta aktibatu behar ditugu euskarak eta Euskal Herriak behar duten egoera berria eraikitzeko. Bizi dugun une garrantzitsu honetan, herri prozesu sendoa egin behar dugu hizkuntza eskubideak aitortu eta bermatzeko markora iristeko. Horrekin bat Euskal Herriari bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea aitortu behar zaio. Euskalduntze prozesua bururaino eramatea Euskal Herriari dagokiolako.

Jendarte osoak eta bereziki herritar guztiok euskalduntze prozesuaren garapenean eta herri dinamiketan parte har dezagun deia luzatu nahi dugu. Euskararen aldeko lana eta borroka areagotzeko garaia da, herriz herri eta auzoz auzo. Inoiz baino gehiago, kalera atera behar dugu hizkuntza eskubideen aldeko mobilizazioak ugarituz, neurri eraginkorrak har daitezen eraginez eta jendarteko esparru guztietan euskarari lehentasuna eman dakion.

Bestetik, arduradun politikoei ere deialdi bat egin nahi diegu. Herritarren eskubideak bermatzea beraiei dagokie. Argi dago horrelako eraso egoerak ematen direnean herritar hauen eskubideak urratzen ari direla. Aipatu kasuaren aurrean jarrera har dezaken deia egin nahi diegu erantzukizuna duten guztiei. Baina ez kasu horrekin bakarrik, izan ere, aipatu dugun moduan erroan dagoen arazoa euskaldunok bizi dugun gutxiagotze egoera da. Ezin dugu hori denbora gehiagoz onartu eta egoera iraultzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzaten exijitzen diegu.

Amaitzeko, deialdi zehatz bat ere egin nahi diegu herritarrei eta eragileei, kasu hau salatzeko datorren ostiralean, hilaren 12an arratsaldeko 19.30ean Gernikako udaletxe plazatik abiatuta egingo den manifestazioan parte har dezaten. Jendarte eragileei, Busturialdekoek egin duten moduan, mobilizazioekin bat egin dezaten ere dei egiten diegu. EHEk bere aldetik, orain arte bezala hizkuntza eskubideen bermea aldarrikatzen jarraituko du eta baita jarrera hau hartzeagatik kaltetuak diren herritarrekin bat egiten.

 

0 comentarios