SUBURBIO
via>http://www.kronika.net
Noiz hasi zineten taldearekin?
Ibairi eta niri, Zapiri, 2003 aldera talde bat egin behar genuela bururatu zitzaigun. Musika eskolan hasi ginen entseiatzen baina ez genuen asko iraun, zaratarengatik ezin omen zuten klaserik eman... Gero, musika lokaletara pasa ginen eta Mikel eta Titou sartu ziren. Zerotik hasi ginen entseiatzen, lokaletan, Cicatriz eta Eskorbutoren abestiekin ikasten. 2004ko abenduaren 21ean estreinatu ginen, Orkolagan. Aurretik Barandiaran ikastolan kurtso bukaerarako jaian 7 abesti jo genituen, eta gero proba bat ere egin genuen lokalean, jende askorekin.
Zuen lehenengo taldea izan da? Titou: Nik lehenago izan nituen beste talde batzuk. 70eko hamarkadako taldeen bertsioak egiten genituen: Mark Knopfler, Alan Parson etab. 10 lagun ginen, teklatu eta guzti.
Nola ikasi zenuten jotzen?
Denok hartu ditugu klaseak, Mikelek ezik. Titouk garestiak zirelako utzi zituen. Zapik tronpeta jo zuen bateria aurretik.
Punk bezala definituko zenukete zuen musika?
Ez zaigu gustatzen gure musika definitzea. Punk musika entzuten dugu eta rock&rolla ere bai. Denak dauka eragina. Azkeneko abestiak Arrasateko taldeen antzeko abestiak atera zaizkigu, melodikoak eta detaile askorekin. Gure musika ateratzen zaigun bezalakoa da.
Punk talde asko ateratzen ari dira Hernanin. Zergatik izurrite hau?
Lokal hauengatik agian. Orain, gainera, aurreko punk eztandan baino bitarteko gehiago dauzkagu. Baita ere konturatu gara kontzertuak ikustera etorri diren askok taldeak sortu dituztela.
Zer moduz lokal hauetan?
Lokaletan puta madre, giro ona dago, taldeak batuago gaude. Lokal hau Titouren etxea da (Barreak). Arratsaldetan etortzen gara, pixka bat jo, gero sofetan apalankatu, hitz egin...
Zein helburu dauzkazue talde bezala?
Ondo pasatzea, probetxuzko zerbait egitea bizitzan eta kexatu behar dugunaz kexatzea.
Hitz egin dezagun musikaz. Nola konposatzen duzue?
Denon lana da. Azkenaldian Mikelek melodia bat ekartzen du eta besteok musika jartzen diogu. Lan era horrekin gustora gabiltza.
Zertaz hitz egiten dute zuen abestiek?
Badauzkagu protesta abestiak, beste batzuk parranda egiteaz hitz egiten dute. Azkenetako bat, Betirako Gogoan, Txiliri, lagun baten osaba zenari, omenaldi bat da. Gure gustokoenak Betirako Gogoan, Rekondo Go Home eta Eskupitajo dira, azken hau Martxoak 11ko atentatuak ekarri zuenari buruz doa.
Zenbat kontzertu eman dituzue? Anekdotarik?
20 baino gehiago jada. Aurten ez dugu ia jo, Zapiren lesio bat dela eta. Grabatzeko abestiak prestatzen ere nahiko lanpetuta egon gara. Anekdotak? Loiolako jaietan, iaz, Afonia, Kalekumeak eta Txorlitoheadekin jo genuen kontzertuan, aurrenak jo behar genuen, baina arrazoi ezberdinengatik, denak gure aurretik jarri ziren. Gu txoznan egon ginen zain, mugitu gabe. Nik, Zapik, 3garren taldea ari zela, tipo mozkor bat ikusi nuen paretaren kontra, ezin zuela zutik egon, Titou zen! Hastera gindoazela, elkarri aipatzen genion ze mozkorrak geunden, eta mikroak martxan zeudela eta, dena entzun zen. Nik oso ondo pasa nuen, bateriako aulkitik erori nintzen, baino... (Barreak). Aurten, Loiolan ere, anplia, soka bat puskatu eta Mikelek kriston gaztakoa hartu zuen bere burua publikora botata. San Joanetan Oleguer, Bartzelonako jokalaria, egon zen txoznetako kontzertuan.
Zer moduz San Joanetan?
Oso ondo, agian eman dugun onena. 20 abesti baino gehiago jo genituen. Aurreko astean ia egunero entsaiatu genuen.
Maketa izango dena grabatu duzue, ezta?
Bai, ea gure musika ezagutarazi eta kanpoan jo ahal izateko balio digun. Apurtu taldeko Aitorrekin grabatu ditugu, hemen, lokalean. 9 kanta grabatu ditugu, Sistema Dekadente, Rekondo Go Home, Hoy de Noche, Suburbio, Eskupitajo, Gure Gaua, I don´t Know Why, Betirako Gogoan eta Txakurrak Zaunka. Iraila-urrirako lana kalean izatea espero dugu.
Zeren falta somatzen duzue zuen mugimenduan?
Antolaketa gehiago. Astebururo kontzertu pila bat dago, eta zalegoa sakabanatu egiten da. Batasun gehiago ere bai, talde batzuk berea egitea besterik ez dute buruan eta batez ere, Hernanin gaztetxe bat falta dela, gazteen artean ekintzak antolatzeko. Gaztetxe baten beharra aldarrikatu nahi dugu.
0 comentarios